|
Lekukoei buruz
Ondoko bertsularien lekukotasunen irakurtzeko egin klik beren izenean edo
beren argazkian.
Xalbador
"Iriarte ixildu zenetik, Mattin izan da ene ardureneko laguna, edo
kontrarioa ? Noiz nola !
Ez naiz ni beti errexki ari izana gure Mattinekin. Ez ginuen artzeko
molde bera. Nik ez nuen balio irri egin arazteko. Hala beharrez entseatu
banaiz ere, maiz gaizki heldu izan naiz.
Mattinen harmarik hoberena berriz, hori izan da beti. Nihaurek ere irri
egin dut frangotan, horren ateraldiak entzun eta.
Beharrik, aspaldi ikasi nuen hobe zela horrekin ez gaitzituarena egitea.
Bertzenaz, hanbat gaixto : loriatzen da norbait hunkitua ikusteaz eta
haundiagoak botako dauzkitzu. Orduan ez zaizu gelditzen zuhaur irriz hasteaz
bertze erremediorik.
Hortik kanpo, Mattin nor nahi bezain gizon ona eta atseginada; lagun
guziek maite dugu".
Amets Arzallus
"Badut Lazkao Txikiren bertso bat gogoan… Lazkao Txiki mutilzaharra
zenez, gai horretan xaxatzen zuten anitz.
Hauxe da behin eman zioten gaia : Abadiño herrian urtero bada festa bat
eta egun hartan San Antoniori emazte bat eskatzeko aukera dute.
Lazkao Txikiriren bertsoa hauxe izan zen :
Azken aldian nola nabilen neskarik bildu ezinda
berririk ezin aurkitu eta lehen neuzkana galdeginda,
nik neska zahar bat eskatzen dizut egongo zara jakinda
eta zaharrik ez badaukazu gaztea ere berdin da.
Hori oso ona da !"
Sustrai Colina
"Gustatzen zaizkit zeresana duten gaiak. Bertsolari batentzat problema ez
da bertso egitea, problema da zer esan. Eta gero jendearengana iristeko
moduko gaia izan behar da.
Berrogeita hamar baserritarren aurrean Iraki buruzko gai bat ematen
badizute, zuk zure bertso onenak kantatuta ere, gutti gora behera berrogeita
hamar baserritar horiei berdin izango zaie. Ez delako haien munduko
erreferentzialean sartzen. Baina berrogeita hamar baserritar horiei ezartzen
badiezu gauza askoz sinpleago bat : zu laboraria zara eta laborantza ganbara
galdetzen ari zara azken hamar urteetan… Munduari begira askoz
transzendentzia guttiagoko gai bat da, baina hor bertsotan normal samar
eginda ere, iritsi egingo zara laborariengana.
Nik uste gehienbat horrelako gauzak zaindu behar direla gai gustagarriak
izaterako. Gero, denei gustatzen zaizkigu gure benetako iritzia emateko
aukera uzten diguten gaiak. Batzutan ez da errexa. Euskal Herrian bizi gara
eta egoera politikoa dena delako, badakigu gauza bat esaten baldin badugu,
batzu minduko direla. Bere sarrera ordaintzen duen pertsona bati mina ematea
edozein artistarentzat problematikoa da.
Beraz hitzak neurtu behar dira. Fikzioan aritzea askoz ere erosoagoa da.
Baina fikzioak badu beste alde bat ere : batzutan kantatu behar dituzu zure
buruaren aurkako arrazoiak eta horrek ere mina ematen du, nahiz eta jakin
fikzioz ari zarela.
Nik uste biak neurri onean nahasiz gero, hor ateratzen direla saio
onenak. »
Miren Artetxe
"Taldean, beti neska bakarra izan naiz, gazteena. Ez naiz inoiz
diskriminatua sentitu, baina bai, gizonezko mundua dela, umore maskulino
batekin, bizitzeko manera maskulino batekin eta giro maskulino batean.
Ez dira gizonak horretaz baitezpada ohartzen, eta guri da horretaz
gogoeta bat egitea eta besteei aurkeztea. Nik uste dut badugula emazteok
zerbait berria eskaintzeko".
Patxi Iriart
"Ttipitan ez nuen modelorik, ez dut uste. Aitzinatzen ginen poliki
poliki, gure erritmoan. Bertsolaritza jostatzeko zen, gure artean
kitzikatzeko, ez bertsolari handi bat izateko. Beraz ez nuen eredu
berezirik.
Bertsolari batzu ezagutzen genituen : Egaña, Lizaso, bertsolari biziki
onak zirelako. Gero, beti pentsatu izan dugu : nik izan nahi nuke Egaña bat
bezala, baina…
Xalbadorren bertso batzu landu izan ditugu, Xalbador bertsolari biziki
ona zelako, eta bere bertsoetan bai umorean eta bai sentimenduetan biziki
ontsa ari zelako.
Bestela Bilintxenak ere, maitasun bertsoak idatzi izan dituelako
bereziki.
Momentu honetan horiek lantzen ditugu bertso-eskolan. Gero lantzen ditugu
ere oraiko bertsolarienak : adibidez Amets Arzallus eta Sustrai Colinarenak
irakurri eta ikusi izan ditugu. Sustrai eta Amets ereduak dira guretzat.
Badu bizpahiru urte bertsolaritzaren gorenean direla eta Euskal Herriko
txapelketan ere biak biziki urrun joan zirela, Sustrai finalera eta Amets
kasik… agian heldu den urtekoan !"
|