|
|
Bertsu eskolak Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian haurrendako bertsu eskolak sortu ziren 1990.
hamarkada hasieran. Ikastoletako zonbait erakasle bertsuzaleen eskutik eta
Bertsularien
Lagunak elkartearen babesarekin eman ziren lehen urrats haiek.
Iparraldeko bertsu eskolen mapa
Elkarteak ordaindurik, Anje Duhalde kantaria izan zen sail berri horren
urratzailea. Ondotik, Ernest Alkhat ikastolaz ikastola ibili zen hamar bat
urtez. Jean-Louis Harignordaki, Michel Lekuona eta Beñat Soulé, Kexus
Arzallus bertsuzaleek ere beren zazpi ahalak egin zituzten bertsularitzaren
tirria haurren baitan sortzeko.
Zorigaitzez, emaitzak ez ziren uste zuten bezain onak izan.
Dena dela, 1998an, Bertsularien Lagunak elkarteak ipar Euskal Herriko
bertsularitza suspertzeko pario serios bat egin zuen. Erakaskuntzan
ardaztutako estrategia bat ezarri zuen abian.
Bertsu irakaskuntzarako lankide bat hartu zuen denbora osoz : Karlos
Aizpurua, oiartzuarra. Erakaskuntza arautuan bertsularitzaren lantzeko
metodo berrienak aplikatzen hasi zen.
Berant gabe ikusi ziren lehen emaitzak: bertsu eskola berriak sortu ziren
Hendaian, Donibane-Lohizunen eta Baionan.
Hurrengo urteetan gauza bera gertatu zen, Hazparne, Uztaritze, Kanbo,
Donaixti eta Donibane-Garazin. Egun, Sohütan ere bada haurrendako bertsu
eskola bat.
Helduen bertsu eskolak ere sortu dira, Urdiñarben eta Izuran,
adibidez.
Bertsu eskoletan lan seriosa egiten da eta eskolatik landa hamaika ekimen
gauzatzen dira urte guziz (Bertsulari Ttiki, Bertsu Eskolen Besta,
Xapelgoak, Topaketak, Bertsu Udalekua, Bertsulariak Ikastolarat
Kanpaina...).
Bertsulari gazte batzuen bertsuak Elosegi, Oiarburu eta Carrere
MP3 formatuan (2,4 Mo)
Iparraldeko bertsulari gazteen XI. xapelgoa ( Aiherra : 2004ko
maiatzaren 27an -Bertsularien lagunak elkartea) - Haurren maila
Gaia : "18 urte betetzeko, heldu bilakatzeko presatuak
zarete ?"
Zortziko ttikian
|
 |
EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA - INSTITUT CULTUREL BASQUE
ICB - B.P. 6 - 64480 UZTARITZE - USTARITZ - TÉL. 00 33 5 59 93 25 25 - COPYRIGHT © 2003 EKE - Tous droits réservés- Legezko informazioak
Français
Español
English
|
|
|
|
Lekukoei buruz
Ondoko bertsularien lekukotasunen irakurtzeko egin klik beren izenean edo
beren argazkian.
Xalbador
"Hamasei urtetarik eta hemeretzi artean pertsua frango kantatu nuen. Ez
banintzan ere ene amentsetako pertsulari heietarik, ari egiten nintzan; eta
ni sinets, egin ahalak egiten nituela zerbaitetarat heltzeko.
Bakarrik nintzenean, alde guzietarat entseatzen nintzan : bat batean
egiten, zuzen edo makur; bai eta, denbora hartuz, hobexago batzuen moldatzen
ere.
Azken molde hortan heltzen nintzan hobekienik".
Amets Arzallus
"Orai Hendaiako bertso-eskola animatzen dugu Sustrai Colinak eta biok.
14/15/16 urtekoekin ibiltzen gara. Urtetan ari dira eta ez balute afiziorik,
utzia izanen zuketen. Eta Iparraldean ere, azken urteetan, normalizatua
ikusten dugu.
Gu Kanboko kolegioan ibiltzen ginenean, bertsolaritza ez zen deus ere…
Inportanteagoa zen futbolean aritzea. Futbolean aritzen bazinen, galdetzen
zizuten zertan zinen eta nola joan zen asteburuko partidoa…
Bertsotan aritzen bazinen, zure barnean atxikitzen zenuen eta inorekin ez
zenuen aipatzen ahal zertan ari zinen ere. Orai normalago bezala ikusten da.
Ez bertsotan aritzen dena bestea baino gehiago edo guttiago delako, baina
bertsolariei buruz hitz egiten entzutea edo bertsotan ari diren batzu
ikustea gauza normala delako"
Sustrai Colina
"Ni bertsotan Amets Arzallusen bidez hasi nintzen, Ametsen aitaren bidez.
Ikastolan ematen genituen gauza batzu bertsolaritzari buruz, baina gero
bertso-eskola bazela jakin nuen eta badakizu, 8 edo 9 urte duzunean, gustatu
edo ez gustatu, gehiago da lagunek zer egiten duten.
Orduan eman genuen bertso-eskolan izena pilotako taldean edo futbolean
ematen genuen bezala. Eta gero ibilian, ibilian, gustua hartu nuen.
Zorionez, oso lan talde ona bagenuen. Horrek ere asko motibatzen du
aurrera segitzeko zeren, azken finean, bakarrik baldin bazira zerbaitetan,
momentu batean etsitzen duzu. Ni pilotan ari nintzen orduan. Pilotan
badakizu irabazi duzun ala ez, bertsotan adin horietan ez zara ongi
konturatzen zertan ari zaren, zergatik, zer epaitzen den, zer ez…
Alde horretatik kirola askoz ere errazionalagoa da neurtzerako orduan,
eta haur batek hori neurtzen du. Gainera, orduan haur batek nahiago zuen
Retegi izan Egaña baino.
Orai, alde horretatik gauzak aldatzen ari dira, bertsolariak telebistan
gehiago agertzen baitira, irratietan ere bai, eta gaur egun haurrek
bertso-eskolan izena ematen dute bertsolari izateko anbizioarekin. Baina
gure garaian hori ez zegoen.
Guk aitzina segitu dugu lagunarteagatik eta suerte izan dugulako"
Miren Artetxe
"9/11 urteko ikasleak ditut Hendaian. Umeek ongi pasa behar dute,
alferrik da esplikatzea bertsolaritza zein polita den, haurrek ez badute
ikusten haien begiekin, eta haien eskuekin hunkitzen.
Uste dut egin behar duguna da bertsoaren aitzakian ongi pasarazi,
euskaraz mintzarazi, adierazpena landu indirektoki haiek ongi usatzen ari
diren bitartean, harremanak eta taldea landu, zeren eta taldea oso
inportantea baita bertsolaritzan. Eta uste dut hori ari girela egiten. Duela
hiru urte hasi zirenek segitzen dute aurten.
Nire helburua ez da haur horiek bertsolari ateratzea, nire helburua da
haur horiek jakitea bertso batekin gozatzen, hitzekin jolasten, eta
bertso-saio bat baldin bada inguruan plana egin dezatela hara joateko,
horrekin aski dut. Aski eta sobera"
Patxi Iriart
"Bertsolaritzak ekartzen dit lagunekin ontsa pasatzea, hasteko.
Kontzientzian dugu euskara bizirik atxikitzen dugula, hori ere garrantzitsua
da. Gero, jendearen aurrean mintzatzeko errextasuna lortzen da.
Ni berez mutiko lotsatia naiz eta bertsolaritzak ekartzen dit jendearen
aitzinean, edo gelaren aitzinean mintzatzeko errextasuna. Bertsolaria ez
baita oraindik gauza biziki normalizatua iparraldean, kolegioan ginelarik
besteak irriz ari ziren. Bertsolaria ez zen besteak bezalakoa.
Orai mentalitateak aldatzen ari dira baina pentsatzen dut Amets, Sustrai
eta horien garaikoek guk baino gehiago sufritu dutela horretaz. Guk arazorik
ez dugu.
Nik bertsolaritza orai sartua dut nire bizian, eta bertsolari handia
bilakatzen ez banaiz ere, bertsolaritza sustengatuko dut, beste bertsolarien
txalotzera joanen naiz bederen. Segur da aisialdietan denbora hartzen duela,
adibidez Sustrai eta Ametsek asteburu guziz joan behar dute norabait…
Gainera entrenatu behar da, astean behin edo bi aldiz. Egia da lekua
hartzen duela bizi batean. Baina halako engaimenduaren hartzeko prest
nintzateke"
|
 |
|
|