|
|
Bertsularia izan
Ipar Euskal Herrian haurrendako bertsu eskolak sortu ziren 1990.
hamarkada hasieran. Ikastoletako zonbait erakasle bertsuzaleen eskutik eta
Bertsularien
Lagunak elkartearen babesarekin eman ziren lehen urrats haiek.
Iparraldeko bertsu eskoletako haurrak
Mattin bertsulariaren omenez zizelkatu oroitarriaren
inguruan Ahetzen (XDZ)
1998an, Bertsularien Lagunak elkarteak ipar Euskal Herriko bertsularitza
suspertzeko pario serios bat egin zuen. Erakaskuntzan ardaztutako estrategia
bat ezarri zuen abian. Bertsu irakaskuntzarako lankide bat hartu zuen
denbora osoz.
Berant gabe ikusi ziren lehen emaitzak: bertsu eskola berriak sortu ziren
Hendaian, Donibane-Lohizunen eta Baionan.
Hurrengo urteetan gauza bera gertatu zen, Hazparne, Uztaritze, Kanbo,
Donaixti eta Donibane-Garazin. Egun, Sohütan ere bada haurrendako bertsu
eskola bat.
Horrela, bertsularitza berpiztu eta azkartu da eta gainera Ipar Euskal
Herriko herrialde orotara hedatu da zazpi urteotan barrena.
Anitz haur bertsuzaletu da. Bertsu eskola hauetarik pasa dira jadanik
famatuak diren Amets Arzallus eta Sustrai Colina. Gero eta gehiago agertzen
ari zaizkigu ere Miren Artetxe, Xumai Murua, Eneritz Zabaleta, Mizel Mateo,
Patxi Iriart, Gillen Hiribarren, Aimar Karrika eta Odei Barroso dira,
besteak beste, azken urteotan bertsu eskoletan egin den lanaren uzta.
|
 |
EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA - INSTITUT CULTUREL BASQUE
ICB - B.P. 6 - 64480 UZTARITZE - USTARITZ - TÉL. 00 33 5 59 93 25 25 - COPYRIGHT © 2003 EKE - Tous droits réservés- Legezko informazioak
fr
es
en
|
|
|
|
Lekukoei buruz
Ondoko bertsularien lekukotasunen irakurtzeko egin klik beren izenean edo
beren argazkian.
Xalbador
"Hamasei urtetarik eta hemeretzi artean pertsua frango kantatu nuen. Ez
banintzan ere ene amentsetako pertsulari heietarik, ari egiten nintzan; eta
ni sinets, egin ahalak egiten nituela zerbaitetarat heltzeko.
Bakarrik nintzenean, alde guzietarat entseatzen nintzan : bat batean
egiten, zuzen edo makur; bai eta, denbora hartuz, hobexago batzuen moldatzen
ere.
Azken molde hortan heltzen nintzan hobekienik".
Amets Arzallus
"Ttipitan, haur anitz joaten ziren Aitak eramaten zuen
bertso-eskolara.
Ez zen zerbait arraro. Oroitzen naiz nire klaseko batzu, orai errugbian
ari direnak edo beste zernahi egiten dutenak, bertso-eskolan zirela
gurekin.
Gero behar bada bertsolaritza mundua urrunago gelditzen zitzaien. Baina
garai hartan ez nintzen bakarrik, aski gauza normal bezala hartua zen.
Hendaiako bertso-eskolan hasi nintzen ikasten lehenik, eta gero bi urtez
Oiartzunen ibili izan ginen : Hendaian bi gelditzen ginen eta ez zen aski
bertso-eskola segitzeko.
Gero, Hendaian berriz sortu zen talde osoago bat eta Bilbon hasi
nintzenean ikasketak egiten, Azpeitiko bertso-eskolara joan nintzen.
Orain Oiartzungo bertso-eskola batera joaten gara asteazken edo ostegun
gauetan : kantatzeko eta erritmoa ez galtzeko elkartzen gara"
Sustrai Colina
"Nik xantza izan dut. Etxean beti nahi dudana egiteko eskubidea ukan dut.
Horrela ikasi dut ardurak hartzen eta horrela konturatu naiz zer zen ongi
eta zer ez, hanka sartuz.
Gurasoek beti esan didate bertsotan segitzeko, ikasten zirela balore asko
gero bizitzan beharrezkoak zirenak. Adibidez jende aurrean egote horrek
ahozko azterketetan asko balio izan dit. Ni gai baldin banaiz ehun pertsonen
aurrean zerbait inprobisatzeko, pertsona baten aurrean buruz ikasi dudan
zerbait esatea ez da hain zaila izango.
Ttikitan ikastolan jende aurrean mintzatzeko haurrak normalki lotsatzen
ziren, eta guk alde horretatik errextasun hori izan dugu beti.
Gero oholtza gainean normalean zaren bezala agertzen zara bertsotan, edo
behintzat zure nortasunaren zati asko publiko egiten dituzu, eta horrek
behartzen zaitu publiko egiten dituzun nortasunaren zati horiek
asumitzera.
Horretarako, nor bere burua asumitzeko nik uste bertsoak anitz balio
duela, batez ere adin kritiko batean, 15/16 urte… Normalean bere inperfekzio
guziekin oholtzaren gainean igotzeko gai den haurrari bere burua onartzerako
orduan bere azalean ongi izaten laguntzen dio"
Miren Artetxe
"9/11 urteko ikasleak ditut Hendaian. Umeek ongi pasa behar dute,
alferrik da esplikatzea bertsolaritza zein polita den, haurrek ez badute
ikusten haien begiekin, eta haien eskuekin hunkitzen.
Uste dut egin behar duguna da bertsoaren aitzakian ongi pasarazi,
euskaraz mintzarazi, adierazpena landu indirektoki haiek ongi usatzen ari
diren bitartean, harremanak eta taldea landu, zeren eta taldea oso
inportantea baita bertsolaritzan. Eta uste dut hori ari girela egiten. Duela
hiru urte hasi zirenek segitzen dute aurten.
Nire helburua ez da haur horiek bertsolari ateratzea, nire helburua da
haur horiek jakitea bertso batekin gozatzen, hitzekin jolasten, eta
bertso-saio bat baldin bada inguruan plana egin dezatela hara joateko,
horrekin aski dut. Aski eta sobera"
Patxi Iriart
"Bertsolaritzak ekartzen dit lagunekin ontsa pasatzea, hasteko.
Kontzientzian dugu euskara bizirik atxikitzen dugula, hori ere garrantzitsua
da. Gero, jendearen aurrean mintzatzeko errextasuna lortzen da.
Ni berez mutiko lotsatia naiz eta bertsolaritzak ekartzen dit jendearen
aitzinean, edo gelaren aitzinean mintzatzeko errextasuna. Bertsolaria ez
baita oraindik gauza biziki normalizatua iparraldean, kolegioan ginelarik
besteak irriz ari ziren. Bertsolaria ez zen besteak bezalakoa.
Orai mentalitateak aldatzen ari dira baina pentsatzen dut Amets, Sustrai
eta horien garaikoek guk baino gehiago sufritu dutela horretaz. Guk arazorik
ez dugu.
Nik bertsolaritza orai sartua dut nire bizian, eta bertsolari handia
bilakatzen ez banaiz ere, bertsolaritza sustengatuko dut, beste bertsolarien
txalotzera joanen naiz bederen. Segur da aisialdietan denbora hartzen duela,
adibidez Sustrai eta Ametsek asteburu guziz joan behar dute norabait…
Gainera entrenatu behar da, astean behin edo bi aldiz. Egia da lekua
hartzen duela bizi batean. Baina halako engaimenduaren hartzeko prest
nintzateke"
|
 |
|
|