|
|
Bertsulariaren egin-moldea
Bertsularitzak bere baldintza eta ezaugarri propioak ditu :
bat-batekotasuna, musikaren eta hitzen koordinazioa, olerkiak jende
aitzinean erratea, etab.
Bertsua egitean, erretorika teknika horiek ahal bezain laster baliatzen
ditu.
Bertsulariak olerki teknikak baliatzen ditu
bertsua gibeletik aitzina eginez : bertsuko azken lerroa bertsu osoko
bizkarrezurra da.
Bertsulariaren ingurumena biziki garrantzitsua da bertsu baten egiteko
(gai-jartzaile bat baden ala ez...).
Gauzen errexteko, har dezagun bertsu saio baten adibidea. Eman dezagun
gai-jartzaileak "Ezkila norentzat jotzen du ?" gaia ematen
duela "Zortziko handia" doinuarekin.
Segundu batzuez, bertsulariak behar du:
Inposatu erritmoarekin bat eginen duen melodia
hautatu
Errimak
atxeman
Bertsuaren edukina
landu
Argibide gehiagorentzat web-gune honen
partaidea den bertsularien "Xenpelar" Dokumentazio Zentroaren
ataria bisita ezazu
|
 |
EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA - INSTITUT CULTUREL BASQUE
ICB - B.P. 6 - 64480 UZTARITZE - USTARITZ - TÉL. 00 33 5 59 93 25 25 - COPYRIGHT © 2003 EKE - Tous droits réservés- Legezko informazioak
fr
es
en
|
|
|
|
Lekukoei buruz
Ondoko bertsularien lekukotasunen irakurtzeko egin klik beren izenean edo
beren argazkian.
Xalbador
"Lehen aldia zen nik pertsulariak entzuten nituela; bainan etziren nik
amensten nituen heietarik; ez beti ere, nik nazkien kantuen egileen
hainekoak.
Harrapatua nintzan. Ez nituen dudarik gabe pertsularitzat hartu ere.
Bertzenaz etzen pasatu zena pasatuko. Tira ahala ari ziren, kasik aldiarik
ezin hartuz, bainan ahal bezala; eta nik pentsatu nuen ene baitan: horiek
bezanbat nik ere egin nezeakek!
Ixilduxe ziren batez, hor, kasik nihaurek nahi ez nuela, bota nioten bat
leihotik barnerat.
Denak eni beha jarri ziren, eta zakur batzu bezala oldartu zitzauzkitan.
Etzitzaioten nonbait ongi joan gazte mukuzu bat heien artean sartzea.
Zerbait gaizki egin izan banu bezala, ihes egin nuen mendi alde, Lorentzo
enekin neramala. Hori izan zen ene lehen pertsua. Hamasei urte nituen".
Amets Arzallus
"Gai bat ematen dizutelarik, berehala kokatzen zara norbaiten larruan,
edo zure larruan egoera baten aitzinean, eta normalki bukaera pentsatzen
hasten zara, bertsoaren bukaerako azken puntu horrek baitu indarra
bertsoan.
Bukaera txarra bada, jendeak txartzat hartuko du bertsoa eta bukaera ona
bada, ontzat.
Gero, hastapenetik bukaerarainoko bideak hobe edo oker lezake baina
bukaerak pisatuko du %90az. Bukaera horrek emanen dizu oina eta zer errima
izango den. Baldin bada : « Hendaiara etorri gira gezur batzu erratera…
» tera, edo atera, edo era beharko duzu. Beraz hitzak pentsatzen dituzu
horrekin eta dituzun hitz horien arabera joaten zara puntuz puntu
osatzen.
Anitzetan bukaera eta oin batzu dituzunean, hasten zara kantatzen,
gehiago pentsatu gabe, edo denbora baduzu, baliatzen duzu hobeki
zizelkatzeko.
Oso zaila iduritzen zait prozesu hori aztertzea"
Sustrai Colina
"Lehenik, azken puntua pentsatzen da, bukaera. Hori azkenean erretorika
da, edozein diskurtso egiten denean, lehenik ideia nagusia bukaeran ematen
saiatzen da beti. Eta gero, aitzinekoa da arrazoi horretara iristeko dagoen
bidea.
Jakin behar da bertsoa dela kantatua, neurtua eta errimatua. Ibiltzearen
usaiaz, azken arrazoia normalki neurtua etortzen zaizu. Eta gero arrazoi
horren azken hitzak ematen dizu errima.
Ohiturarekin, zure buruan badituzu oin zerrenda batzu eta berdin bukatzen
diren hitzen zerrenda batzu. Gero zerrenda horretatik abiatuta, hasten zara
puntuak egiten. Baina kantatzeko ezin duzu bi minutuz zain egon, orduan hasi
egiten zara, jakinda besteak, ibiliaren ibiliz, etorriko zaizkizula.
Bertsotan binaka ari zarenean, saiatu behar duzu zure azken arrazoia
aitzinetik kantatu den bertsoaren erantzuna izan dadila, eztabaida baita
bertsoa"
Miren Artetxe
"Taula gainean entzuten dugularik gaia, lehen gauza da : zer nahi
dut esan gai honen inguruan publiko honi. Hogei bat segundutan egiten
da : pentsatu zer esan nahi duzun, antolatu ideiak esan nahi duzun
erara eta gero kantatu.
Entzuleak entzuten du bertsoa alderantziz, iduritzen zaigu bertsolariak
pentsatu duela orden horretan, hori da tranpa. Bertsolariak eramaten zaitu
nahi duen tokira, badaki nora doan, eta entzuleak ez. Hori da
bertsolaritzaren polita. Eta bukaera da garrantzitsua.
Bertsoa da diskurtso motz bat, indarra bukaeran duena, eta zenbat eta
gehiago indartu erdikoa ere, hobe. Bertsoak efikaza izan behar du. Orai
arte, lotu da efikazitatea argumentazio on batekin, edo irudi bortitz
batekin, edo konparaketa sakon batekin. Badira bide berriak,
sinpleagoak.
Ez naiz ni izanen behar bada jorratu dituenak, zeren eta bide berriak
jorratzeko behar baita jadanik bide zaharrak ongi ikasiak. Baina pentsatzen
dut badirela zerbait berria sortzeko gai diren bertsolariak. Maddalen
Lujanbio ari da bide berri bat sortzen, Iturriaga eta Maia ere.
Gaur egun bertsolaritza maila teknikoki hain da ona eta hain errex egiten
da bertsoa, horrek ematen die bide bertsolari onei zerbait berria ekartzeko.
Uste dut hori dela egin beharrekoa. Nire helburua izango litzateke hori. Ez
dut esaten inoiz lortuko dudanik, baina noizbait zerbait egin behar baldin
bada bertsolaritzan, uste dut alde horretatik egin behar dela,
berrikuntza"
Patxi Iriart
"Gaia dudalarik arrazoi bat pentsatzen dut, nire bertsoaren bukaeran eman
nahi dudana, jendea bukaeraz oroitzen baita.
Gero azpitik hasi eta bertsoa gainera igo behar da, hau da, azken puntua
prestatu, arrazoiarena, eta azken puntuaren azalpena eman aitzineko
puntuetan. Doinuarena ez da arazo bat, bertsolarien artean hautatzen baitugu
eta badakizkigun doinuak erabiltzen baititugu. Batzutan doinu berriak
sortzen dira eta guk ikasten ditugu.
Nik badut zailtasun gehiago belarri txarra dudalako, baina noizbait
ikasten ditut. Zailena da arrazoiaren atxematea. Baina badugu praktika bat,
aski handia, eta beti zerbait atxematen dugu.
Bertso-eskolan, gure irakasleak ematen dizkigu teknika batzu : bertsotan
hobetzeko, ahotsa hobetzeko nik aski kakola dudalako…
Orai, klasearen hastapenean, hamar minutuz, bertso zaharrak lantzen
ditugu. Irakurri eta kantatzen ditugu. Horrela ikasten dugu".
|
 |
|
|