|
|
Irudiaren eta bat-batekotasunaren zentzua
Bertsulari baten ondoan edo bertsu saio batean gaudelarik, gehien
harritzen gaituena bertsuen egiteko bizitasuna da.
Oihane Enbeita 2001eko Euskal Herriko
txapelketa nagusian bertsuaren gaia entzuten. (argazkia Juantxo
Egaña - XDZ)
Gaia ez dute aitzinetik ezagutzen eta beraz ezin dute landu. Hainbeste
irudi pasaraztea hain denbora laburrez, erritmoa eta errima errespetatuz,
zinez gauza miresgarria da !
|
 |
EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA - INSTITUT CULTUREL BASQUE
ICB - B.P. 6 - 64480 UZTARITZE - USTARITZ - TÉL. 00 33 5 59 93 25 25 - COPYRIGHT © 2003 EKE - Tous droits réservés- Legezko informazioak
Français
Español
English
|
|
|
|
Lekukoei buruz
Ondoko bertsularien lekukotasunen irakurtzeko egin klik beren izenean edo
beren argazkian.
Xalbador
"Errana dut jadanik zer tirria senditzen nuen pertsulari izaiteko, bainan
ez nuela hortako ahalik senditzen ene baitan.
Hainbertzetaraino egia da, non ez bainintzan, bakarrik nintzela ere,
behin ere entseatzen baten moldatzerat, ez eta buruan pasatzen ere.
Ene lagun batzuer entzuna nioten, bazirela elgarri pertsuka artzen
zirenak ostatu horietan; leher egiten zutela heiekin irriz.
Ni ez nintzan orduan oraino ostatuetan ibiltzen. Urte batez, herriko
besta bigarren egunean, hitz-hartu nintzan ene betiko lagun Lorentzo
Tolosarekin, gauazko bailerat aterako ginela biak. Bailea, Angelesainea
izeneko ostatuaren aintzinean egiten zen.
Orroitzen naizena da, ja etxolarat abian ginen mementoan, hauteman
ginituela lau edo bortz gizon pertsuka ari ostatu hortako sukaldean.
Lorentzo eta biak leihoaren kanpotik jarri gintzaizkioten beha".
Amets Arzallus
"Bertsolariak gauza askoz pixka bat jakin behar du.
Anitzetan da zerbait jakitea eta dakizun horren inguruan joko bat
atxematea edo itzuli batzu ematea. Eskatzen du hala ere egunkariak
irakurtzea eta aktualitatea segitzea. Ez dakit zein saiotan, erran zieten
egun hartan hegazkin bat erori zela nonbait, eta gezurra zen.
Bertsolari denek kantatu zuten serioski, gertatu balitz bezala, eta atera
zuten zerbait. Horrek esan nahi du, ez baldin badakizu sobera ere, zuk beti
kantatuko duzula zerbait"
Sustrai Colina
"Hizkuntza ongi menperatu behar du eta gainera gustatu egin behar zaio
hitzekin jolastea, ez bertsotan ari denean bakarrik. Hori bizimodu bihurtu
behar du. Dohain nagusiena hori da.
Beste dohain bat jendearekin tratatzen jakitea da. Zu herri bat
zoazenean, ez duzu inor ezagutzen askotan : inondik ezagutzen ez dituzun
pertsonekin elkarrizketa gaiak atxeman behar dituzu, eta ez da errexa.
Horrek asko irekitzen du pertsona. Gainera besteak baino guttiago zara,
besteak beren inguruan direlako. Ezagutzen zaituzte eta zuk ez dituzu
ezagutzen. Hori ere oso aberasgarria da.
Gero, nik uste bertso-eskolan gaur egun edozeinek ikasten ahal duela
bertsotan. Oso lan mekanikoa da. Beraz hamar urteko haur bat etortzen bada
bertso-eskolara eta irakaslea ez bada traketsegia, urte baten buruan ikasten
du zortziko ttiki bat kantatzen. Hori frogatuta dago.
Horrek ez du erran nahi bertsolaria denik. Bertsolari bihurtzeko, faktore
asko sartzen dira : zenbat maite zaituen jendeak, zer karismoa duzun,
jendeak zerekin identifikatzen zaituen, xantza eta zaletasuna"
Miren Artetxe
"Ez ditut sobera maite gai itxiegiak, topikoetara eramaten zaituzten
gaiak. Nik nahiago ditut gai irekiak, adibidez : zu amildegira iritsi
zira gaur, ez dakizu salto egin ala ez. Zuri da erabakitzea salto eginen
duzun ala ez, nahi baduzu sentimendu bat azaltzen ahal duzu, edo arazo bat,
izan daiteke gizarte arazoa, izan daiteke pertsonala…
Nik uste dut horrelakoek gehiago motibatzen nautela. Eta harroago naiz
horrelako gai batekin publikoa gozarazten dudalarik betiko gai batekin
gozarazten dudalarik baino.
Gertatu zait nire burua harritzea, zentzu txarrean askotan. Baditugu oso
ideia progresistak, berdintasunaren alde, arrazismoaren aurka, eta ohartzen
zira benetan bertsotan ez duzularik denborarik pentsatzeko, aurreiritzi pilo
bat ateratzen zaizkizula, nahi gabe"
Patxi Iriart
"Gai guzietan aritzea gustatzen zait. Adibidez irringarria izaten da
pertsonaia baten nortasuna hartzea, gureak ez diren ideiak eta arrazoiak
ematen ditugulako. Antzerkia bezalakoa da azkenean. Eta gustatzen zaigu
horren egitea.
Gertatu zait neure iritzia ematea, beste pertsonaia baten azalean
nintzelarik ere. Azkenean pentsatzen duguna erraten dugu, ez dugu beste
munduko gauzarik asmatzen.
Ez dira gauza berdinak erraten publiko gazte eta publiko zahar baten
aitzinean, hori guk egokitzen dugu.
Iparraldean eta hegoaldean aritzea ere ez da gauza bera guretzat. Gauza
batzu aldatu behar ditugu, hitzak edo errateko moldeak egokituz
adibidez"
|
 |
|
|