|
|
Mespretxuak, gaitzespenak eta debekuak
Denek ez zituzten bertsulariak gustuko. Apezek eta herriko jauntto
handiek ez zituzten ikusten ahal.

Auzapez batzuek bertsu saio guziak debekatzen zituzten, Eliza Katolikoaren
baimena osoarekin.
Bizkitartean, euskal kulturak bezala, bertsularitzak bere historiako
garai ilunenak Espainiako gerla zibilaren (1936-1939) eta Francoren
heriotzaren ondotik bizi izan zituen.
Camoussarry apezaren erruztapena (XIX. mendea)
Legez arautu bertsularitza (1850)
Bertsularitza eta frankismoa (1936-1975)
|
 |
EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA - INSTITUT CULTUREL BASQUE
ICB - B.P. 6 - 64480 UZTARITZE - USTARITZ - TÉL. 00 33 5 59 93 25 25 - COPYRIGHT © 2003 EKE - Tous droits réservés- Legezko informazioak
Français
Español
English
|
|
|
|
Lekukoei buruz
Ondoko bertsularien lekukotasunen irakurtzeko egin klik beren izenean edo
beren argazkian.
Xalbador
"Hemeretzi urte bete nituenean, bi gertakarik jo ninduten kasik egun
berean : aita galdu nuen eta gerla hasi zen Frantzian.
Handik goiti ez nuen funtsik kantatu. Gerla denborako egoera gogorrak
kasik itzali zuen, nitan doi doia indartzen hasi su hura; etzen pertsu
aro.
Ez da dudarik kalte handia egin ziola horrek ene pertsulari izaiteari.
Edozein landarek ere ez du behar den uztarik emanen, hazi behar zuen
sasoinean ekaitz pean egona bada. Halarik ere, bazen nitaz zerbait fama
hedaturik".
Amets Arzallus
"Ttipitan ez nuen modelo berezirik, Aita izan ezik, egunero etxean
nuelako. Gero, 13/14 urterekin ohartzen hasi nintzen noren bertsokera edo
bertso egiteko moldea nahi nukeen eta norena hartu nahi nuen erreferentzia
puntutzat edo segitzeko bidetzat. Eta galdetu izan didatelarik bertsolari
gustukoena zein dudan : Jose Agirre esan izan dut.
Behar bada Aitak bere hurbileko mundukoa ikusten zuen bezala, gu kaleko
umeak, beste giro batean hazi gara eta beste puntan Jose Agirre, baserri
mundukoa, mendi xokoan hazia, ttipitatik lanean aritu dena, oso beste
erreferentzia…
Hori bertsotan sentitzen duzu ere. Bai erreferentziatzat hartzen dut
garai bateko euskara eta esaera biziak erabiltzen zituelako eta gure
testuingurua zein den kasik aurkakoena horkoa delako".
Sustrai Colina
"Ni ttikitan pilotari izan nahi nuen. Bertsolari izan zitekeenik ere
apenas jakingo nuen. Gero bai, pixkanaka pixkanaka, sinesten joaten zara
izan zintezkeela bertsolari, denen dohaiak harrapatzen saiatzen zara, eta
batzu miresten dituzu.
Gero, miresten dituzun horiek ondoan dituzu saioetan, eta lagun bezala
ikusten dituzu. Prozesu hori ezagutu dugu. Izan liteke Joxe Agirrekin,
hirurogeita hamabost urte eta oraindik plazaz plaza bertsotan. Pertsona
bezala ezagutzen duzunean oraindik maitagarriagoa egiten zaizu. Ikur bat,
sinbolo bat da eta zurekin joaten da herri batera eta, zer umila den gizona,
nola hartzen zaituen dena laguntzeko, hori adibidez oso eskertzekoa
da.
Beste bat Andoni Egaña izan liteke, hiru txapel, teorizazio mailan egin
litekeen guzia, praktikan astro bat, berritzailea, aitzindaria, baina mahai
inguruan zurekin dagoenean, bat gehiago. Horiek lekzio handiak dira"
Miren Artetxe
"Nire aitona oso bertsozalea zen. Ibili zen gaiak ematen, epaile eta
txapelketak sortzen. Baina ez zait beregandik heldu zaletasuna. Nire aitak,
nola bere aita bertsozalea zen, berak ere maite zuen pixka bat, eta etxean
ikusten genuen « Hitzetik hortzera » emankizuna, eta nik maite
nuen. Gero, 9/10 urte nituela, hasi nintzen bertso-eskolan Hendaian, Jexux
Arzallus-ek egiten zuelarik.
12 urte nituela, Amets Arzallusekin Oiartzungo bertso-eskolara joan
ginen. Eta urte batzuren buruan, utzi genuen Oiartzungo bertso-eskola eta
hartu genuen hango irakaslea Hendaiara eramateko. Berriz sortu genuen
Hendaiako bertso-eskola horrela. Iduritzen zait txikitatik badakidala
bertsotan, badakit ez dela horrela, baina iduritzen zait sortu nintzela
bertsotan jakinez.
Uste dut erabaki dudala maite nuela 16 urtetan, ikusi nuelarik ez zela
posible dantza, antzerkia, trikitixa, panderoa, bertsolaritza eta pala betan
egitea. Orduan ohartu nintzen utzi nahi ez nuena bertsolaritza zela. Hor
harritu nintzen, baina hala zen, gehien maite nuena zen. Hortik aitzina,
uste dut gehiago asumitu dudala.
Uste dut jendeak, taldeak atxikiarazten dizula. Ez baita errexa gaztea
zarelarik… Ez ginen anitz, neska gutti, eta gainera pixkanaka-pixkanaka
taldea txikituz doa.
Nik uste dut gaur egun gauzak errexagoak direla. Bada talde gehiago,
gehiago bultzatzen da ere"
Patxi Iriart
"Bertsotan aritzeko gustua etorri zitzaidan Baionako ikastolan kurtso bat
ireki zutelarik. 5. urtean nintzela, talde ttipi bat hasi ginen bertsotan
eta geroztik segitzen dut. Karlos Aizpurua Oiartzundarra nuen irakasle.
Aitortu behar dut hastapenean amak pusatu ninduela. Gero konturatu
nintzen gauzak ikasten direla bertsolaritzarekin. Gainera, gauza berria zen,
beste aktibitateetatik desberdina zena.
Gero, bertso-eskolak ireki ziren eta klaseak bukatu eta gero biltzen
ginen. Karlos Aizpuruarekin egiten genuen oren bat astean bertsolaritzari
buruz eta bertso zaharrak lantzen genituen, besteak beste. Gero Kanboko
kolegiora pasa nintzen eta han talde berri bat sortu zen : Baionan nirekin
ziren batzu gehi beste batzu, hor hasi zirenak.
Orai bost gira, lau mutiko eta neska bat. Hastapenean, orai baino gehiago
ginen, bidean batzuk uzten dutelako, ez zaielako denei gustatzen".
|
 |
|
|