|
|
Enbeita dinastia eta Amuriza txapelduna
Bizkaian, aspaldikoenetarik bat Durangon bizi zen Juan Krutz de la
Fuente dugu. Besteak beste gaur egun oraino abestua den "Ator, ator
mutil etxera" kantuaren sortzailea da. Baina bereziki Enbeita familia
aipatu behar dugu, egiazko "dinastia" horrek, herrialde arras
industrializatu horretan, bertsularitza berpiztu baitu :
Kepa Enbeita (1878-1942), haren semea
Balendin (1906-1986), eta biloba Jon (1950). Gaur egun, azken honen
alaba den
Oihane Enbeita, Bizkaiko bertsulari hoberenetan da.
Lopategi
Euskal Herri osoa elkarrekin kurritu dutenak eta bertsugintzan toki
berezi bat dutenak : Jon Lopategi (1933) eta Jon Azpillaga (1934). Beren
iritzi politikoengatik Francoren presondegietan egonak dira. Mugartegi eta
Mañukorta ahantzi gabe, Bizkaia harro izaten ahal da bertsularitza errotik
modernizatzen jakin duen
Xabier Amuriza sortarazirik.

Irakur eta entzun Xabier Amurizaren bertsu bat
Amuriza
Beste apez batzuekin, Eliza batean itxialdi bat egiten zuten, Euskal
Herria zapaltzen zuen Francoren errepresioa errazegi onartzen zuen
hierarkiaren aurka protesta egiteko. Gogorki zigortua izan da
horregatik. Sei urte pasatu ditu elizgizonen zigortzeko antolatu Zamorako
monastegi-presondegi batean. Izan ere, Elizitunaren arabera, elizgizonak ez
ziren kartzelarazten ahal. Amuriza parada horretaz baliatu da
bertsularitzaren aztertzeko eta ikusteko nola egin zitekeen modernizatzeko
eta gazteen biltzeko.
Kartzelatik ateratzean, apezgoa utzi eta jende aitzinean kantatzen hasi
zen.
Estiloaren dotoreziari eta arrazoinamenduaren fintasunari esker, Amurizak
ukitu berri bat eman dio bertsularitzari. Berehala, ezinbesteko
errefentzia bilakatu da gazteentzat, baina aldaketak gustoko
ez zituzten tradizionalistek gorroto zuten.
Bertsularitzari buruzko hainbat liburu idatzi ditu eta bi aldiz Euskal
Herriko txapelduna izan da 1980 eta 1982an.
Igor Elorza
Azken urteetan, Bizkaian gehien aipatzen diren bertsulariak dira : Unai
Iturriaga, Fredi Paia, Oihane Enbeita, Igor Muniategi, Iratxe Ibarra, Beñat
Gaztelurrutia, eta noski Igor Elorza hirugarren aldiz jarraian
Bizkaiko txapelduna izan dena.
2006an Xabi Paiak irabazi zuen txapelgoa.
|
 |
EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA - INSTITUT CULTUREL BASQUE
ICB - B.P. 6 - 64480 UZTARITZE - USTARITZ - TÉL. 00 33 5 59 93 25 25 - COPYRIGHT © 2003 EKE - Tous droits réservés- Legezko informazioak
Français
Español
English
|
|
|
|
Lekukoei buruz
Ondoko bertsularien lekukotasunen irakurtzeko egin klik beren izenean edo
beren argazkian.
Xalbador
"Ostatuan pertsuka artzeko ohidura hura, uste dut Gipuzkoako Zaldibitik
hunat jin artzain batek ekarria zuela.
Joxe Tolosa deitzen zen gizon hori. Gipuzkoarra zuen emaztea ere. Jadanik
aipatu Lorentxoren aita eta ama ziren.
Gure Joxe maitea, ostatuan papoa berotzen zitzaioneko, berak erraiten
zuen bezala, bertsotan hasten zen. Et, nik uste dutan bezala, harek ekarria
bazen ohidura hori hunarat, ni ere hari esker hasi nintzan.
Beraz, nahiz ez dutan dena horien gain emaiten, gipuzkoarrek badute haste
hastetik parte haundia ene pertsulari izaitean. Berek erran lezaketena :
ondoren zer esanik ez".
Amets Arzallus
"Ttipitan ez nuen modelo berezirik, Aita izan ezik, egunero etxean
nuelako. Gero, 13/14 urterekin ohartzen hasi nintzen noren bertsokera edo
bertso egiteko moldea nahi nukeen eta norena hartu nahi nuen erreferentzia
puntutzat edo segitzeko bidetzat. Eta galdetu izan didatelarik bertsolari
gustukoena zein dudan : Jose Agirre esan izan dut.
Behar bada Aitak bere hurbileko mundukoa ikusten zuen bezala, gu kaleko
umeak, beste giro batean hazi gara eta beste puntan Jose Agirre, baserri
mundukoa, mendi xokoan hazia, ttipitatik lanean aritu dena, oso beste
erreferentzia…
Hori bertsotan sentitzen duzu ere. Bai erreferentziatzat hartzen dut
garai bateko euskara eta esaera biziak erabiltzen zituelako eta gure
testuingurua zein den kasik aurkakoena horkoa delako".
Sustrai Colina
"Nahiz eta bertsolaritzan jende oso desberdina izan izaeraz, bizimoduz,
jatorriz, jende aurrean ikuskizun on bat emateko behar horrek asko estutzen
ditu harremanak : momentu insegurua pasa duzunean pertsona baten ondoan,
normalki pertsona harekiko harremana hobea bihurtzen da, konfiantza
sendotzen da.
Bertsolarien artean hori badago. Komeni zaigu beti ongi eramatea
elkarrekin. Alde horretatik oso giro sanoa da. Lehia baldin bada, norbera
bere buruarekin da. Gainera txapelketetan, bereziki finaletan, denek saio on
bat egiten badugu, norbera ongi gelditzen da, ez du galtzen, nahiz eta
zortzigarrena izan.
Jendeak gehiago begiratzen dio egin duen saioari postuari baino. Eta
horrek laguntzen du nor bere burua gainditzen eta lehia izpiritu hori
baztertzen"
Miren Artetxe
"Nire aitona oso bertsozalea zen. Ibili zen gaiak ematen, epaile eta
txapelketak sortzen. Baina ez zait beregandik heldu zaletasuna. Nire aitak,
nola bere aita bertsozalea zen, berak ere maite zuen pixka bat, eta etxean
ikusten genuen « Hitzetik hortzera » emankizuna, eta nik maite
nuen. Gero, 9/10 urte nituela, hasi nintzen bertso-eskolan Hendaian, Jexux
Arzallus-ek egiten zuelarik.
12 urte nituela, Amets Arzallusekin Oiartzungo bertso-eskolara joan
ginen. Eta urte batzuren buruan, utzi genuen Oiartzungo bertso-eskola eta
hartu genuen hango irakaslea Hendaiara eramateko. Berriz sortu genuen
Hendaiako bertso-eskola horrela. Iduritzen zait txikitatik badakidala
bertsotan, badakit ez dela horrela, baina iduritzen zait sortu nintzela
bertsotan jakinez.
Uste dut erabaki dudala maite nuela 16 urtetan, ikusi nuelarik ez zela
posible dantza, antzerkia, trikitixa, panderoa, bertsolaritza eta pala betan
egitea. Orduan ohartu nintzen utzi nahi ez nuena bertsolaritza zela. Hor
harritu nintzen, baina hala zen, gehien maite nuena zen. Hortik aitzina,
uste dut gehiago asumitu dudala.
Uste dut jendeak, taldeak atxikiarazten dizula. Ez baita errexa gaztea
zarelarik… Ez ginen anitz, neska gutti, eta gainera pixkanaka-pixkanaka
taldea txikituz doa.
Nik uste dut gaur egun gauzak errexagoak direla. Bada talde gehiago,
gehiago bultzatzen da ere"
Patxi Iriart
"Bertsotan aritzeko gustua etorri zitzaidan Baionako ikastolan kurtso bat
ireki zutelarik. 5. urtean nintzela, talde ttipi bat hasi ginen bertsotan
eta geroztik segitzen dut. Karlos Aizpurua Oiartzundarra nuen irakasle.
Aitortu behar dut hastapenean amak pusatu ninduela. Gero konturatu
nintzen gauzak ikasten direla bertsolaritzarekin. Gainera, gauza berria zen,
beste aktibitateetatik desberdina zena.
Gero, bertso-eskolak ireki ziren eta klaseak bukatu eta gero biltzen
ginen. Karlos Aizpuruarekin egiten genuen oren bat astean bertsolaritzari
buruz eta bertso zaharrak lantzen genituen, besteak beste. Gero Kanboko
kolegiora pasa nintzen eta han talde berri bat sortu zen : Baionan nirekin
ziren batzu gehi beste batzu, hor hasi zirenak.
Orai bost gira, lau mutiko eta neska bat. Hastapenean, orai baino gehiago
ginen, bidean batzuk uzten dutelako, ez zaielako denei gustatzen".
|
 |
|
|