|
|
Gai-emailearen lanaren zailtasuna
Gai-emailearen lana biziki garrantzitsua da baina biziki konplikatua
ere.
Gai-emaileari esker, ordu arte gehienetan "fazoinik gabe" egiten zen
bertsu-saioak zeremonia baten itxura hartzen du. Bertsulariek animatzaileak
agintzen duena artoski segitu behar dute.
Gai-emailea lanean bertsu saio batean
Donibane-Lohizunen : Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso entzuten dute,
erne. - 2004ko azaroan (argazkia : S.Dabadie)
Alde ona da bertsulariak ez duela gehiago gaia xekatzerik baina batzutan
dadirudi bertsulariek gustoko ez duten azterketa zail bat dela.
Animatzaileak agintzen duena egin behar dute eta honek gai baten inguruko
bizpahiru bertsu kantatzea galdetuko die.
Gerta daiteke bi bertsu eskas izatea argumentu eraginkorren errateko, baina
gerta daiteke ere bigarren bertsuko dena errana izatea !
Bestalde, animatzailearen egitekoa
gaien aldatzea da. Adibidez gai irringarri bat eman dezake biziki gai
serios baten ondotik, bertsu saio orekatu baten lortzeko. Baina lotura
horren egitea ez da gauza erraza.
Batzuetan, gai-emailea esperientzia gutikoa baldin bada, bertsulariak
geldiaraz ditzake eta bertsu saioaren maila eskasa izan daiteke. Arrisku
horren saihesteko, ikerketa batzu eginak izan dira eta agertu da gai-emailea
ez dela beti beharrezkoa... Baina bertsulariek, orain, gai-emaileei usatu
dira. Zer egin beraz ? Lehen-lehenik biziki animatzaile
onak (izan) diren Teodoro Hernandorena, Joxe-Mari Aranalde,
Juan-Mari Lekuona, Joxe-Mari Iriondo, Michel Labeguerie, Michel Itzaina, eta
beste batzuren adibidea jarraitu. Eta kontutan
hartu gai-emailearen "ofizioa", bertsulariarena bezala, ikasten
dela.
|
 |
EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA - INSTITUT CULTUREL BASQUE
ICB - B.P. 6 - 64480 UZTARITZE - USTARITZ - TÉL. 00 33 5 59 93 25 25 - COPYRIGHT © 2003 EKE - Tous droits réservés- Legezko informazioak
Français
Español
English
|
|
|
|
Lekukoei buruz
Ondoko bertsularien lekukotasunen irakurtzeko egin klik beren izenean edo
beren argazkian.
Xalbador
"Gerla ondoan, ernandorena abiatu zenean hemen gaindi pertsulari bila,
nitarat ere gidatu zuen. Donibane Lohizunen muntatu zuen xapelketarat ereman
ninduen.
Bankako Iriarterekin eta Zubikoarekin joan nintzen beraz, eta han bildu
ziren bertze guziak enetzat ez ezagunak ziren.
Gure Mattin maitea ere han ezagutu nuen; Etxahun eta Errexil zena ere
ba.
Donibaneko egun hori enetzat munta haundikoa izan zen, eta ahalgerik gabe
erran dezaket, gu, Mattin eta ni ere, ernandorenari esker ezagutu gaituela
Euskal-herri osoak; bai eta gehiago ere. Parisen barna ibili izan baigira
jaun horrekin".
Amets Arzallus
"Parte hartu nuen lehen txapelketa Gipuzkoako eskolarteko txapelketa zen.
Han kantatu genuen Iparraldean ez zegoelako beste nehor, beraz Hendaiatik
osatu genuen talde bat.
Taldeka egiten zen 14 urtez azpikoena. Lehen urtean, zortzi urte nituela,
ni, nire arreba eta Sustrai Colina ginen, hiruak. Beasainen kantatu genuen,
publiko baten aitzinean. Lotsa oraindik ez genekien zer zen.
Arrakasta izango genuen egoerarengatik, irringarria izango zelako, mutiko
ttipi-ttipi batzu eta neska ttipia kantatzen 14 urtekoekin…
Eta hurrengo urtean, 9 urterekin, berriz kantatu genuen eta hor finalera
pasa ginen. Karmelo Baldan izan zen, Donostian. Uste dut ez ginela ohartzen
ere zertan ari ginen. Gero nagusien mailara pasa ginen"
Sustrai Colina
"Ni zortzi urtetan hasi nintzen. Gero hamabi urtetan utzi nuen eta
hamabost urtetan berriz hasi nintzen Hendaian. Talde berri bat sortu zen
irakasle berri batekin eta gero, pixkanaka pixkanaka, Oiartzunera joaten
hasi ginen. Orai Oiartzunen dugu lagun taldea eta hara joaten gara.
Oso lagunarte sanoa izan dugu beti, eta hori da bertso eskola bat aitzina
eramateko modu bakarra. Bertsoa aitzakia bat da. Ez da beharrezkoa bizitzan
eta orduan, ez baduzu lagunarte motibagarririk, oso errex uzten duzu.
Ez naiz ongi oroitzen zein zen gure lehen emanaldia jendearen aurrean,
baina ez dut oroitzapen txarrik, ez nintzen traumatizatu eta hori ere
inportantea da. Sufritu duzun gauza batean ez duzu segitu nahi.
Orai beldurra baino tentsioa sentitzen dut. Eta tentsioa behar da.
Lasaitasun gehiegi da txarra inprobisatzeko. Erreflexuak erori egiten
zaizkizu eta, urduriegi egotea txarra den bezala, erabat blokeatuta zaude.
Baina urduri bai, hasi aurretik, jende aurrean kokatu arte. Gustatzen zait
bertigo hori. Momentu hori oso indartsua da"
Miren Artetxe
"Oroitzen naiz nire lehen saio publikoaz. Hameika urte nituen. Arrasaten
zen, eskolarteko txapelketako Euskal Herriko finalan.
Han agertu nintzen, nire galtza motzekin… Urduri nintzen, baina
ongi, ez nuen presiorik sentitzen batere. Niretzat beti izan da jolas bat
bertsolaritza eta ez nuen lotsa berezirik pasa ere. Lotsa gero pasa dut
irakurri ditudalarik bertso horiek ! Uste dut esperientia polita izan
zela.
Traumatikoa izan zitekeen : hameika urterekin bat-batean publiko
aitzinean bota behar dituzu bertso batzu, ez duzu inoiz egin horrelakorik,
gainera txapelketa da, epaitua zira, prentsan ateratzen da… Baina azkenean,
publikoak begi onez ikusi ninduen. Sobera, behar bada. Orai arte, beti ikusi
naute neska eta txikia, aski zuten horrekin. Alde batetik ongi etortzen zait
ez hain kritikoa izatea, bestetik ongi izanen zen berdin epaitzea.
Sari batzu ukan ditut : eskolarteko txapelketetan, iparraldean
txapel batzu, Xenpelar sariketa eta Lizardi sariketa, 2004ko irailean. Harro
naizen bakarra da Lizardirena. Hor pentsatu dut : bai, merezi
duzu. Lehen aldiz asumitzen dut sari bat"
Patxi Iriart
"Oroitzen naiz taularen gainera igo nintzen lehen aldiaz. Ez dakit noiz
zen baina erraten ahal dut Sustrai Colinari bota behar niola agur bat.
Ttipi-ttipiak ginen eta horiek bazuten bertso-saio bat egiteko eta nik
bota behar izan nion lehen agurra.
Nahiz aitzinetik prestatua nuen, beldurra sentitu nuen. Baziren nirekin
hiru lagun eta gauza bera egin behar zieten bertsolari desberdinei eta
gogorra izan zen.
Gero usaia hartzen da, beharrik. Azkenean plazer hartzen dugu.
Urte guziz parte hartzen dugu eskolarteko txapelketan, hemezortzi urte
artekoentzat. Iparraldean kanporaketa bat egiten dugu eta bi edo hiru joaten
dira finalera.
Eta horretan bai parte hartu izan dut. Ez da sekulan errexa"
|
 |
|
|